LEHEN LETREN LILURA
Hedabideetan maiz azpimarratzen dira irakurketak haur eta gazteengan eragiten dituen onurak, baina inoiz gutxi aipatzen da haur eta gazteentzat idazteak idazleengan sortzen duen lilura. Hain justu, horretaz aritu dira Mariasun Landa, Yolanda Arrieta eta Leire Bilbao idazleak BERRIArekin
2017-01-22 / Iñigo Astiz
Literaturak hobeto arnastea ahalbidetzen du». Roland Barthes pentsalari frantziar ezagunaren hitzak aipatu ditu lehenik Mariasun Landa idazleak (Errenteria, Gipuzkoa, 1949); bere hitzekin segitu du gero: «Gure bizitza arrunta eta gure erdipurdikotasuna ez dira nahikoa; bestela, zergatik existitzen da ahozko literatura gizakia kobazuloetan egon denetik?». Hain zuzen ere. Letren lehen liluraz aritzea da asmoa, baina haur eta gazteengan pizten duen liluraz, kasu honetan. Euskal Herriko haur eta gazte literaturako hiru idazle ezagunengana jo du horregatik BERRIAk, eta Landa, Yolanda Arrieta eta Leire Bilbao idazleen iritziak bildu ditu, baina irakurle gazteengan letrek sortzen duten liluraz bezainbeste aritu dira eurei irakurle gazteentzat idazteak pizten dien liluraz. Landua dute gaia. Eta aldarri doinu bat ere hartzen dute tarteka haien hitzek horregatik, azaldu dutenez, maiz, ahaztu egiten baita haur eta gazteentzako literatura idazten dabiltzanak ere nagusiki literatura idazten dabiltzala. Hobeto arnastea ahalbidetzen, alegia. Bestelako literaturetako autoreak bezala.
Marisol Raminez. Argazki Press
«Guztiak erraza izan behar du garaiotan». Kezkatuta dauka horrek Landa. Haur eta gazteentzako ia 40 liburu kaleratu ditu, guztira, eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria eta Espainiakoa ere jaso zituen, 1991 eta 2003an, hurrenez hurren. Pamiela argitaletxearekin kaleratu berri du orain Puertas y ventanas abiertas liburua. Bilduma bat da, eta munduan barrena literaturari, hizkuntzari eta beste hainbat gairi buruz eskainitako hitzaldi eta gogoetak batzen ditu; haur eta gazteentzat idazteari buruzkoak haietariko asko. Pasarte batean dioenez, bermutarekin gertatzen dena gertatzen da sarri gazteentzako literaturarekin ere. «Bermutaren garaian, ohikoa izaten zen gurekin zen helduren batek edalontziko oliba eskaintzea, bere txotx eta guzti, gero berak bere bermuta edaten segitzeko. Guk eskertu egiten genion keinua, […] baina ahaztu egiten genuen helduek eurentzat gordetzen zuten bermut hura oliba haiek bezain ona edo hobea egongo zela. Oliba jan, eta txotxa lurrera botatzen genuen. Halako zerbait sentitzen dut heldu askok ume eta gazteei gustuko duten literatura bat eskaintzeko duten temarekin».
Nor bere baitako arrotza
Infantilizazio horren aurka mintzo zaio Landa BERRIAri ere. «Haur eta gazte literaturaren itzalean beti dago helduen kontrola, irakasleena, gurasoena, liburuzainena… eta zuzentasun politikoa bilatzen da askotan horregatik gazteentzako liburuetan, baina aldarrikatzen dugunontzat literatura hori ere literatura dela, askatasuna da gai nagusia. Denetarik eskaini behar zaie haurrei. Dena landu daiteke haur eta gazte literaturan ere, baina kontua da nola; estilistikoa da arazoa».
Idazlearengan jartzen du berak fokua. Izan ere, asko da haur eta gazteentzat idatziz jaso duena, eta hori nabarmendu du solasaldian. «Erreibindikatzen dut haur eta gazte literaturak lagundu dezakeela argitzen idazlearen alde iluna deitzen dudan hori, idazleak oso ongi ezagutzen ez duen barne mundu hori. Haurrentzako idazten duzula? Ba bai, baina lehenago zugan dauden irudi, metafora eta fantasma batzuek zer esan nahi duten aztertzen duzu. Beste alorretako idazleek ez dute hori gehiegi errekonozitzen, baina haur eta gazte literaturan hori ere gertatzen da, eta atsegina da hori idazlearentzat». Esaldi bakarrera borobildu du gogoeta gero: «Idazlea da arrotza bere baitako herrialdean». Hala helduentzat nola gazteentzat idatzi.
«Esperantza tantak sumatzen ditut». Yolanda Arrietak dioenez (Etxebarri, Bizkaia, 1963), gazteentzat idaztean sentitzen duen itxaropenak darama behin eta berriz haur eta gazte literaturara. Liburu sorta bat badu idatzia haur eta gazteentzat, eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria jaso zuen 2015ean Argiaren alaba liburuagatik. Lilurari buruz mintzo da bera ere. «Umeak ere egungo gizartearen ume dira, baina oraindik ez daude gu bezain kutsatuta. Beti dago aukera bat berriro hasteko, eta nik uste horrexegatik bueltatzen naizela haur eta gazte literaturara; umeekin iruditzen zaidalako beti daukadala berriro hasteko aukera. Adiskidetu egiten naiz letrekin. Adiskidetu egiten naiz magiarekin. Eta adiskidetu egiten naiz berriro ere gauza gutxirekin ilusioa pizteko aukerarekin. Helduekin ere egin daiteke hori, baina haiekin beti dago nekea tarteko, eta nekeari aurre egin behar zaio. Umeekin ume izatera jolasten zara, eta hori da berriro ere munduaren aukeretan sinestea».
Bitartekarien garrantzia
Zehaztapena dator gero: «Nik ez dut sinesten liburuan bakarrik». Tailer eta hitzaldiak ere ezinbestekotzat ditu horregatik. Bitartekarietan jartzen du arreta, eta, hain justu, bitartekari horientzat argitaratu du Aho bete amets haur poesiari buruzko gogoeta liburuxka, Aitziber Alonso ilustratzailearekin batera argitaratutako Kulun-Kuttuna liburuaren lagungarri gisa (Denonartean). «Egon badaude irakasle batzuk literatura maite dutenak eta eskolan egunerokotasunez erabiltzen dutenak, baina ez da joera nagusia. Gauza batzuk ez dira landu ere egiten. Lantzen ez dena ez da ulertzen. Eta haur literaturaren kasuan arazoa ez da umea, ze umeari gustatzen zaio, arazoa da heldua, bitartekaria. Irakatsi behar zaio beste parametro batzuk ere badaudela. Umeari literatura helarazteko, helduok egon behar dugu piztuta. Gu piztuta ez bagaude, liburuak papera dira».
Baietz dio Arrietak ere, maiz genero txikitzat hartzen dela haur eta gazte literatura. «Nik beti aldarrikatzen dut haur eta gazte literatura ere literatura dela berdin-berdin, eta egiten duguna dela, igual, haurrek ere dastatzeko moduko literatura. Haurrek ere». Literaturaren egitekoaz ere mintzo da idazlea. «Nik uste dut dela kontrapuntua egitea, duoa. Kantaren melodia nagusia da gaur egungo abiadura, eta hari duoa egitea ez da gauza handia, bigarren mailan dago, baina politago bihurtzen da dena. Eta literatura da hori, gaur egungo bola nagusi horren ondoan duo txiki bat. Bigarren ahots txikia. Beste ukitu bat eguneroko bizimodua beste era batera ikusteko, eta baita ere aukeren mundua zabaltzeko. Literaturak hori egin dezake momentu honetan».
«Umeari bularra eman ahala, askotan esaldiak, errimak, hitz jokoak edo kantak apuntatzen nituen koaderno batean». Onartzen duenez, biografikoa ere bada haur eta gazte literaturarako murgiltzea Leire Bilbaoren kasuan (Ondarroa, Bizkaia, 1978). Aurrez ere idatziak zituen gazteentzako kontakizunak, baina lehen umea izatearekin indartu zitzaion ildo horretarako joera. «Ume txiki bat izanik, ez nuen arnasa handiko lanak hartzeko denborarik, baina, sorkuntzan jarraitzeko, errealitate horretara egokitu behar nuela pentsatu nuen. Zerbait motza egitea bururatu zitzaidan horregatik, eta poesia idazten hasi nintzen. Sorkuntza egokitu nuen neure egoerara». Hala sortu ziren iazko Durangoko Azokan aurkeztu zituen Xomorropoemak eta Piztipoemak liburuko testuak (Pamiela). Ipuinak ere idatzi ditu, halere, eta Lizardi saria irabazi du orain gutxi Pikondoaren balada izenekoarekin. Udaberrian kaleratuko du.
Hitzen irudiak
Harridurarekin. Horrekin lotzen du Bilbaok umetan sentitutako letrekiko lehen lilura hura. «Pentsatzen dut, neurri batean, irakurzale egin ginela hitzak deskubritzeko plazeragatik, hitzak deskubritu ahala nik eduki nuelako sentsazioa mundua deskubritzekoa». Eta, hain zuzen ere, haren kasuan, haur zenean sentitutako lehen lilura hartara itzultzeko modu bat da haur eta gazteentzat idaztea. «Pixka bat ilusio zaharrak berreskuratzea da. Berriro ere hitzekin harritzeko eta jolasteko plazer hori berreskuratzea. Sinistuta nago hitzek, azken finean, mundua deskubritzen digutela, ateak eta leihoak dauzkatela mundua deskubritzeko».
«Zertarako balio du liburu batek?». Galdera horrekin abiatu zuen Lewis Carroll idazleak 1865ean Aliziaren liburu ezaguna. Erabat aspertuta, ahizpak eskutan darabilen liburuari erreparatzen dio Alizia txikiak, baina irudi eta elkarrizketarik ez duela ikusi, eta hor dator galdera. «Eta zertarako balio du liburu batek marrazki eta elkarrizketarik ez duenean?». Handia da gaur egun ere haur eta gazteentzako liburuetan irudiak duen garrantzia, eta pisu nabarmena du horregatik ilustrazioak Bilboko Azkuna zentroan zabaldu duten Uhartearen altxorra erakusketan ere. Euskal Herrian azken hamarkadetan sortutako euskarazko haur eta gazte literatura da bildumaren ardatza, eta idazleekin batera protagonismo berezia lortzen dute bertan ilustratzaileek ere. Bertan dira, besteak beste, Eider Eibar, Asisko Urmeneta, Elena Odriozola, Mikel Valverde, Andoni Olariaga eta Aitziber Alonsoren irudiak. Koldo Izagirre idazleak egin du hautaketa, eta letren eta irudien lotura horren garrantzia azpimarratu zuen aurkezpenean ere. «Testuaren artearen eta ilustratzailearen artearen batuketa uste baino maizago gertatzen da, eta hori ezagutzen ez dugun altxorra delako sortu dugu hau».
Askatasun parekidea
Irudien alde mintzo da Bilbao ere. Helduentzako liburuetan ere faltan sumatzen dituela dio. «Badirudi haur literatura irudimenarekin lotzen dugula, eta helduen literaturan ere tarteka egoten da bogan, moden arabera, baina oraintxe, hemen, autofikzioak eta halakoek hartu dute indarra, eta ez hainbeste irudimenak. Irudimenak irudira ekartzen gaitu, eta badugu zortea irudiak edukitzeko haurren literaturan, eta ederra litzateke helduen literaturan ere irudi gehiago sartuko balira, helduen literaturak haur literaturatik gehixeago edan dezan: irudimenetik eta irudietatik».
Askatasuna aldarrikatzen du Landak bere liburuko pasarte batean; askatasun sortzailea. Eta Pipi Kaltzaluze pertsonaia sortu zuen Astrid Lindgren idazlearen hitzak aipatzen ditu horretarako: «Bai zuri eta baita gainontzeko haurrentzako liburuen egileei ere askatasuna desio dizuet, helduentzat idatzi eta nahi duena nahi duen modura esateko askatasuna duen idazlearen askatasun bera». Jarraitu irakurtzen →