Infrasoinuak, Berri Txarraken disko berriko I.singlea

Asteak daroatzagu azaroaren 24an Bilboko Kafe Antzokian prentsaurrean aurkeztuko dugun INFRASOINUAK, Berri Txarraken 9.diskoaren komunikazio hedapen zabaltze transmisio lanetan.

Plazara agertzeko lehen kolpea duzue INFRASOINUAK, diskoaren izenburu bera duen I. singlea

Infrasoinuak ikusi gura ez ditugun alarma gorriak dira, iritsi ahala baztertzen ditugun ahaireak dira, zarata estonagarriaren azpian entzun ditzakegun doinuak.

Diskoa Bill Stevensonek eta Jason Livermorek (Black Flag, Descendents, Lemonheads) ekoitzi dute Blasting Room estudioetan (Fort Collins, Colorado –AEB).

Azaroaren 24an aurkeztuko dugu lagun, kazetari, zale eta hurreratzen den ororen aurrean, Bilboko Kafe Antzokian.

Berri Txarrak taldeak berak sortu eta kudeatzen duen Only In Dreams zigiluak plazaratuko du bai CDan bai biniloan bai digitalean.

Uhartearen Altxorra Donostiako San Telmo Museoan

Atzodanik eta urtarrilaren 17a arte, UHARTEAREN ALTXORRA Donostiako San Telmo Museoan egongo da gozagai.

Oraingoan Donostiako San Telmo Museoagaz beragaz eta Donostiako Liburutegi Nagusiko Haur eta Gazte Literatura sailarekin elkarlanean aritu gara.

Atzokoa aurkezpenean, Juanba Berasategi izan genuen gogoan eta nabarmendu genuen Koldo Izagirrek eta biek zenbateko maitasunez, mimoz, arduraz lan egin duten tamaina honetako erakusketa bat atontzeko.

Gure idazle eta ilustratzaileei egindako gorazarre zoragarria.

 

p033_f02

Argazkia: Marisol Ramirez, Argazki Press.

 

Erakusketa San Telmon dagoen bitartean ezer jakin gura baduzue, sakatu hemen.

Komunikazio lanak: Rafa Ruedaren disko berriari buruz BADOKen

Azaroaren 9an plazaratuko du Rafa Ruedak Hiri kristalezkoa disko berria. Jon Eskisabel BADOK.eus atariko sortzaile, koordinatzaile eta erredaktore nagusia denak elkarrizketa luze eta mamitsua egin dio.

Jendeak ezagutzen du nire izena, han eta hemen ibili naizelako, baina nire musika proposamena ez, eta kontziente naiz horretaz. PiL.T.-ekin asteburu honetan mila pertsona sartu ditugu Ezpeletan, eta nire proiektuarekin agian hogei lagun erakarriko ditut. Proiektu berri bat defenditu behar dut eta ia zerotik hastea bezala da. Hainbat jendek beharbada nire lana entzungo duen lehen aldia izango da. Baina rocka maite dut, eta prest nago aurre egiteko, gogotsu gainera

RR Hiri kristalezkoa.Bikoiztuta

Azpeitia 1936-1945 webgunea aurkeztu dugu

Aranzadirekin eta Azpeitiko udalarekin elkarlanean, 1936ko altxamendu faxistak azpeitian eragin zuen errepresioaren berri jasotzen duten liburuak webgune bihurtu ditugu. Atzo aurkeztu genuen Azpeitin bertan.

Erlo telebistakoek honela jaso zuten:

 

Urolakostako Hitzakoen albistea:

Aranzadi zientzia elkarteak egin eta Azpeitiko Udalak duela hilabete batzuk argitaratu zuen Azpeitia 1936-1945 liburua sarean da dagoeneko. Dijitalidadea enpresak egin du liburua sareratzeko lana, udalaren eskariz, eta gaurtik bisitatu daiteke:

Azpeitia 1936-1945 

Gotzon Barandiaran Dijitalidadeako kideak azaldu duenez, liburua modu “oso errazean” sareratu dute. Batetik, liburuan ageri diren datuekin datu basea egin dute, eta, bestetik, liburua atalka irakur daiteke. Horrez gain, herritarren izen-abizenen gaineko jarraipena ere egin daiteke, datuak elkarrekin lotu dituztelako. Izen batetik abiatuta, ibilbide osoaren jarraipena egin daiteke Barandiaranen arabera: “Oso modu errazean aurkitu daiteke informazioa. Internet oso gutxi erabili dutenentzat ere, informazioa bilatzeko oso modu errazean antolatu dugu”.

Azpeitia 1936-1945

Tropa faxistek Azpeitia hartu zutela 81 urte bete ziren atzo, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak “gertaera horrek herria markatu” zuela gogorarazi du. Haren arabera, faxismoak gogor jo zuen herria: “Hilketa, tortura, debekuak… eta beldurra zabaldu zituzten gerran Azpeitian. Gerraosteko frankismoaren azken ostikadak arte markatu gaituzte. Frankismoaren azken biktima ofizialen artean dagoelako fusilatuta hil zuten Angel Otaegi. Baina egindako sarraskiez gain, gertatutakoa isilarazteko eta ezabatzeko egindako esfortzuak bere helburua lortu zuen”. Etxeberriak azaldu du gaur egun ere “faxismoa bizirik” dagoela, Herrialde Katalanetan gertatzen ari dena gogora ekarrita.

20170921_104615

Alkatearen aburuz, isiltasuna “nagusitu” bada ere, Azpeitiko Udalaren konpromisoa memoria berreskuratzea izan da azken urteotan. “Bi aukera genituen, omenaldi ponpoxoetan gelditu edo ikerketa egin. Eta Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean ikertzeari ekin genion”. Informazioa jasotzeko eta hori zabaltzeko eta berriro horrelakorik gerta ez dadin herritarrak “hezteko eta informatzeko” lanean ari da udala, Etxeberriak dioenez: “Gertatutako guztiaren oroimenerako terapiarik onena liburu hauek dira”.

 

Rafa Ruedaren eta Berri Txarraken disko berrien komunikazio lanak

2017ko udagoien eta neguan, Rafa Ruedaren eta Berri Txarraken disko berrien komunikazio lanetan arituko gara buru belarri ahalik eta euskal herritar gehienek jaso dezaten gure musikarion lanen oihartzuna.

Rafaren diskoaren diseinua Malen Amenabarrek sortu du.

2017-08-12-PHOTO-00000139

  • Rafa Ruedaren diskoari buruzkoak: gotzonba@armiarma.eus

  • Berri Txarraken disko berriari buruzkoak: komunikazioa@berritxarrak.net

Telf: 656 796 209

Meatzaleak: Artea identitatearen irudi. Solasaldia osorik

Hemen duzue atzoko solasaldiaren bideoa osorik.

Sano aberasgarria izan zen bai Haizea Barcenillari bai entzuleei ikasitakoa.

Erantzun sakonetan murgiltzeko galderak luzatu zizkigun Haizeak, beste gogoetagune batzuetan segida merezi dutenak. Berbarako, Zein funtzio betetzen du arteak identitate komun bati ( euskaldunoi, esaterako) erantzuteko orduan?

Eskerrik asko Haizeari, bertaratu zineten guztioi eta AZko langileei.

Okerrik ezean, irailean itzuliko gara

Meatzaleak: Artea identitatearen irudi

Artea identitatearen irudi berbagai, Haizea Barcenilla izango dugu berbalagun Meatzaleaken maiatzeko hitzorduan.

Honako galdera hausnartzeko bilduko gara, ekainaren 14an, 19:00etatik aurrera, Bilboko AZn:

Zein funtzio betetzen du arteak egun euskal gizartearentzat sinboloak sortzeko orduan?

Eta hausnarrerako bazkatzat, Belakoren bideo hau proposatu digu

Haizea-Barcenilla-comissaria-critica-dart_795530591_11881310_1000x606

programa-zuzendua

 

 

Azpeitibizi: Zatoz onera, zatoz Azpeitira

Maite ditut maite gure bazterrak, baina bizi dituzten pertsonei eskerrak

Azpeitibizi egitasmoaren bitartez Euskal Herriko zein kanpoko bisitariak erakarri nahi ditugu Azpeitira

Egitasmoak bi euskarri ditu ardatz:

  • Webgunea
  • Mugikorretarako aplikazioa

Bi hedabide hauen bitartez, Jendeak jendea erakartzea dugu helburu.

Arrazoi nahikoa eta sobera ditugu horretaz ziur egoteko:

  • Azpeitiarrak dira Azpeitik eskaini dezakeen onena.
  • Azpeitiarrek euskara dute balio erantsi nagusiena.
  • Euskaraz bizi den herria baita Azpeitia, gainontzeko euskal herrietatik hurreratzen denak berehala antzemango duen eran.
  • Euskarak kultura bat dakar aldean, azpeitiarrek jaso, gorde, mantendu, bersortu, eguneratu, moldatu, eurenganatu, zabaldu eta transmitituz bizirik mantentzen dutena, Kultur Mahaiak auzolanean biziberritzen duena.
  • Bizia baita Azpeitia, azpeitiarren euren esanetan, bizi-bizia, bizitzeko pizgarria.
  • Bizitzeko herri bizia da Azpeitia, bisitaria beso zabalik hartzen duena, herrira iritsi eta azpeitiartu direnek baieztatzen duten eran.
  • Ospatzen badakien herria da Azpeitia, hasi urtarrilean eta abendura bitarte, eguneroko izerdia bizipozerako edabeekin neurrian nahasten dakiena.
  • Langileen herria da Azpeitia, 1766an matxinatu zen huraxe.
  • Gertakari historikoek zizelkatu duten herria da Azpeitia, memoriaren historia eraikitzen jakin izan duena.
  • Mendeetan bizi izan duten, gaur bizi duten eta etzi biziko duten azpeitiarrek bihurtu dute Azpeitia edozein bisitarirentzat erakargarri.
  • Euskaraz bizi, kulturalki bizi, herritar bizi, Azpeitibizi.
  • Bisitariak altxor horien aitzakiapean erakartzeari Turismoa baderitzogu, turistikoki herri bizia dugu Azpeitia, turismo aktiboa baino, turismo bizia eskaintzen duena.

www.azpeitibizi.eus webgunean honakoak bildu ditugu:

  • Zatoz onera, zatoz Azpeitira bideo sorta, hainbat azpeitiarren bizipenak jasotzen dituena.

  • Azpeitiren ondarea jasotzen duten postal literarioak.
  • Azpeitin eta bere inguruetan egin daitezkeen adin guztietako bisitarientzako era askotako ibilbideak.
  • Lo, jan zein edateko ostatuak.
  • Oinarrizko zerbitzuak.

Azpeitibizi mugikorretarako aplikazioan, arestian aipatutako edukiez gain, Agenda ere izango dute eskura bai azpeitiarrek eta erabiltzen duten gainontzekoek ere. Ekitaldi kulturalez zein bestelako ekimen sozialez beteriko edukia zabalduko dugu bertatik.

Euskal Herriko herri guztiek dute bere balio erantsia, ezkutuan, gehienetan.

Azpeitikoa ikusgarri bihurtu dugu eta edozeinen eskura jarriko dugu.