Aguxtin Alkhaten disko berriko kantuek garai ilunak isladatzen dituzte. Ezezagunaren beldurra, bakartasuna, tristezia, dudak, erruduntasuna izan dira garai ilunotako sentipenak. Eta Hutsaren Hatsak zera erran nahi du, momentu zailenetan ere zerbait berri eta hobeagoa sor daitekeela.
Diskoa bere bizipenetan oinarritzen bada ere, edozein entzule identifikatu ahal izaiteko maneran sortu ditu kantak, esperantza bakar bat helburu: entzuleari konfidantza eta bizi grin doi bat ekartzea kantuok entzutean. Ulertarazi pertsona tristeenari ere atzeman ditzazkeela gakoak urostasunera heltzeko. Gauza sinpleenetan aurkitzen da urostasuna baina gaurko jendartean erraz ahanzten dugu eta beti on da oroitaraztea.
Garai ilunak bizi ondoren, Hutsaren Hatsa diskoko kantek on egiten diotela ohartu da Aguxtin Alkhat, hustu egiten dela abestean, on egiten diotela. Eta esperantza du entzule batzueri ere on egin diezaieketela, kantuotako emozioak denek ezagutzen dituzten emozioak dira, nornahik identifikatzeko modukoak.
Aguxtin Alkhatek beti kantatu nahi izan dio herriari. Euskal Herri osoari. Ezberdintasunik egin gabe ipar eta hego edo ekialde eta mendebaldeen artean. Euskaldunentzat du kantatzen, herriari doi bat itzuli nahirik herriak eman diona: Hizkuntza paregabe bat, berezitasun kultural harrigarria, elkartasun sozial azkar bat, historia politiko indartsu bat.
Hutsaren hatsa diskoa minaren ondorengo biziberritze bat da, zauriak erabat sendaturik indartsu iristen den ahots bat. Orbanik gabe, bizitakoaren oroitzapenetatik ikasiz eta aurrera begira sortu ditu Aguxtin Alkhatek bere bakarkako hirugarren diskorako kantak eta ber gauza egitea proposatzen dio bere inguru hurbilari, bere komunitateari, bere herriari, munduari. Ilunaren beltzenetik ikus daitekeen argiari heltzeko tenorea da.
Hitzak eta Musika : AGUXTIN ALKHAT
Musikariak:
JULIEN LABAT: Gitarrak
XAN BIDEGAIN: Gitarra apala
PIERRE SANGLA: Bateria eta teklatuak
KAMILA ZUBELDIA; Ahotsak
KIKI GRACIET: Aho soinua
GRABAKETA TA NAHASKETAK: JOHANNES BUFF / INIGO IRAZOKI
Atzo, martxoak 12 zituela aurkeztu genuen Hannot Mintegia Audience ohiaren MOXAL egitasmoaren ZALDIKATU diskoa Bilboko Kafe Antzokian.
Zer da Moxal?
«Moxal» zaldi gazteari esaten zaio. Sentikorra da bere inguruarekiko, igarotzen dituen lekuekiko eta inguratzen dituen izakieko. Batzuetan zalantzak eta ezinegonak izaten ditu, baina beti dago prest hazten den heinean entzuteko, eta bakarrik ibiltzen ikasteko.
Moxalak, nahiz eta basatia den, hurbiltzen uzten dizu, beroa eta biguna izatea ere maite duelako. Ingurunea eta bere burua eraikitzea maite du, gertutasunetik eta entzute basati batekin.
Moxalen kantak ametsen eta filmatu gabeko pelikulen soinu banden arteko tarteari kantatzen diote. Hizkuntza bera, hitzen soinua eta hizkera gertuko espazio bihurtuta; gertukoa eta xumea.
Moxal Hannot Mintegia musikari eta ekoizleak koordinatutako proiektua da. Audience eta gero, bere proposamen berria besteek bizi izateko espazioa da. Esaldi honekin iradoki edo esan nahi duena zera da, interprete edo “sortzaile total” baino gehiago, ekoizle edo konposatzaile bezala ikusten duela Hannotek bere burua. Hasierako ideia abestiak “beste batzuek” abestea zen neurri handi batean. Gerora ideia hori moldatu da baina hala eta guztiz “beste ahotsek” presentzia eta pisu handia dutela Zaldikatu diskoan. Baita ere orain Moxalek “forma” hau duela baina oso egitasmo zabala dela, oso zabalik dagoela Hannot formatu aldaketa eta mota guztietako kolaborazio eta elkartrukeei, izan daitekeela hurrengo proiektua 30 minutuko ikuskizun bat edo zuzeneko kontzeptu bat.
Maite Mursego-rekin, gutunak, ideiak eta soinuak banda zabaleko abiaduran ibili ziren joan-etorrian. Aiora Zea Mays-ek bi lerrotan ulertu eta emozio eta gizatasun makina batek bezala interpretatu zuen. Beti bezala agertu ziren Gaizka eta Ager Audience, eta ezinezko tokietan sartu zuten beraien musika. Miren Mice-k bere eztarria ireki zigun bihotzetik eta Rafa Rodrigok egiaz zarrastatu zuen bere gitarra. Ainara LeGardonekin ertzak iritsi ziren, eszitazioa. Zelako oihuak egin genituen ehunka zaldi haiek lautadan zehar hautsa harrotuz lauhazkan entzutean! Azkenik dena bere tokian zegoela sentitu genuen.
Orduan diskoa sortu zen eta Aitor Etxebarriak dotore itxi zuen atea.
Abestiek badute soinu banden pisua. Irudi batzuk edo “giro” batzuk iradokitzen dituzte. Ikus-entzunezkoena Hannotek bere egunerokoan maneiatzen duen tresna delarik, bere buruari erronka moduko hori jarri dio: bere esperientziaz baliatuz eta inguruan dituen sortzaile-lagunen parte-hartzea bultzatuz, abesti bakoitza ikus-entzunezko edo kontakizun txiki batekin batera aurkeztea. Era askotarikoak eta desberdinekoak izango dira “filmak”. Autore ikuspuntutik eginiko lan pertsonalak izango dira, sortzaile jakin batzuek izenpeturik.
Berbarako:
Gure Telenobelie: Miren Gaztañagaren sormen lanarekin.
Azalgorri: Unai Garate-ren (khea ziater) ideia eta zuzendaritzapean.
Seguru: Na Gomes-en sormen lanarekin.
Atzokokaka: Goiuri Aldekoa-Otaloraren (Argazkilaria eta dokumentalen ekoizlea) sorkuntza bat.
Disko hau Forbiddencolours zigiluaren 11. erreferentzia da. 2019ko martxoaren 1etik aurrera egongo da eskuragai, binilozko edizio mugatuan (+ deskarga kodea) eta bertsio digitalean.
Abesti bakoitza ikus-entzunezko pieza batekin aurkeztuko da bai www.mox.al eta bai forbiddencolours.net webguneetan.
Hannot: loop-ak, ahotsak, perkusioa, gitarrak eta Lastra’s noise box
Ainara LeGardon: ahotsak, bestelako soinuak (01, 02, 03, 04, 06)
Aitor Etxebarria: musika osagarria, pianoa eta noisy chair (08)
Aiora (Zea Mays): ahotsak (02, 04)
Miren Narbaiza (Mice): ahotsak (01, 04, 05, 07)
Gaizka (Audience): saxoa eta drunk pianos (04, 06)
Ager (Audience): pedal steel guitar (07)
Rafa Rodrigo: gitarra klasikoa (07)
Txufo Willson (Empty Files): grabaketa osagarriak eta aurrekoizpena
Maite (Mursego): ahotsak, hariak eta melodikoa (01, 02, 03, 05)
Zuzenekoak
Lehenengo zuzenekoa Gernikako Lekuek jaialdian izango da. Zuzenekoek izango duten forma oraindik zehaztu gabe dago. Diskoan geruza asko eta ikuspuntu anitzak uztartzen dira abestietan eta bide ezberdin askotara eraman ditzakete zuzenean interpretatzeko orduan. Printzipioz hirukotean ari dira lehenengo aurkezpen txiki horiek prestatzen: Hannot Mintegia, Jatsu Argarate (Kokein) baxuan, eta Txufo Willson (Empty Files) “beste soinuekin”, baina etorkizunean MOXALen beste musikari batzuek ere parte hartzeko aukera beti zabalik egongo da. Berbarako, Gernikako kontzertuan Gaizka (Audience) gehitzeko asmoa dute.
Ekainetik aurrera formatu handiagoko kontzertuak egin asmo ditu Hannotek. Horietarako Ainara Legardonek edo Miren Narbaizak ere parte hartzea nahi luke (bien agenden arabera). Baita Aitor Etxebarria (perkusioa eta teklatuak) edo Hasier Oleaga (bateria).
Adostuta dituzten emanaldiak:
-Martxoaren 16an, Gernikako Lekuek jaialdian.
-Ekainaren 14an, Donostiko Dabadaban.
-Ekainaren 20an, Bilboko Kafe Antzokian.
Arestian azaldu legez, Moxal os proiektu zabala izatea espero du Hannot Mintegiak, espazio ezberdinetara eraman ahal izateko modukoa. Printzipioz areto itxiak eta giro “lasaia” lirateke egokiena eta bakarka edo bostekotean aritzeko moduan moldatzea errepertorioa. Aretoak ahalbidetzen duenean, ikus-entzunezkoen presentzia handituko litzateke emanadian, abestiek baitute izan “inoiz filmatu gabeko pelikularen soinu banda” baten forma.
Azpeitiko udalarekin eta Aranzadirekin elkarlanean, bertako egia historikoa jasotzen duten liburuak webgune bihurtu ditugu.
Iturria: Uztarria
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin eta Javi Buces Aranzadi elkarteko ikerketa egilearekin batera aurkeztu genituen atzo sortzez liburu diren bi webgune berri:
Biak ala biek, XX.mendean azpeitiarrek jasandako giza eskubideen urraketak jasotzen dituzte, sarea lehen aldiz baliatu nahi lukeen edozein adineko erabiltzailek erraz ulertzeko maneran.
2019ko hasiera arte GATIBU taldearen disko berriaren komunikazio lanetan arituko gara.
Aurreratu genezakeen apurra hauxe da: Gatibukoak AEBetako estudio batean daude lan berria grabatzen.
Horrela iragarri zuten atzo Loiuko aireportuan bertan: https://www.eitb.eus/eu/gaztea/bideoak/osoa/5889120/bideoa-gaztea-gatibuk-disko-berria-grabatuko-du-estatu-batuetan/
Hunkituta eta mila esker gutxi direla oharturik ari dira Berri Txarrak taldekoak Infrasoinuak disko berria aurkezten Euskal Herri osoko kazetari eta zaleen aurrean.
Zarata mediatikoaren azpiko ahairea entzuteko gosez dagoen lagun asko dagoela ohartzen ari gara egunotan.
Donostiako FNACen kanpoaldean. Barruan denentzako lekurik ez zegoela ikusi eta atoan hartu zuen Gorka Urbizuk gitarra kanpoan geratu zirenei Katedral bat eskeintzeko. Zaleak dira lehen lehenik, gero gerokoak.
Azaroaren 24an aurkeztu genuen Bilboko Kafe Antzokian Berri Txarraken Infrasoinuak disko berria. Eskerrik asko hurreratu zineten eta kulturgintzan ezinbesteko bidelagun zaituztegun kazetari eta zaleei. Elkarrekin gara.
Azaroaren 30a bitartean Donostian, Iruñean, Baionan eta Gasteizen ere izanen gara kazetariekin solasean egunean zehar, zaleekin batera iluntzeetan.
Arratsaldean, egun osoa kulturgintzan ezinbesteko bidelagun ditugun kazetariekin eman ostean, ELKARek Poza kalean duen dendan, disko berriko kantak joko dituzte zuzenean, era akustikoan. Ostean, gura duenari, diskoa sinatuko diote.
San Telmo Museoko eta Donostiako Liburutegi Nagusiko Haur saileko arduradunek jakinarazi digutenez, 700etik gora dira Uhartearen Altxorra erakusketaz gozatu eta ondoren Liburutegi Nagusiko Haur sailera joan diren Donostialdeko neska-mutilak.
Elena Oregi Donostiako Liburutegi Nagusiko Haur Saileko arduradun eta Uhartearen Altxorra San Telmon erakusgai egon dadin horrenbeste lan egin duenak, aurtengo LITERAKTUM jaialdiak haur eta gazte literaturari eskainiko dizkion ekimenak aletzen ditu ondorengo bideoan.
Biziki garrantzitsua deritzogu literaturari eskainitako topaketetan haur eta gazteei zuzendutako literaturak lekua izateari.
Azaroaren 9an aurkeztu genuen prentsaurrean, Bilboko Kafe Antzokian, Rafa Ruedaren Hiri Kristalezkoa.
Hasteko eta bat, eskerrak eman gura dizkiegu bertaratu ziren kazetari guztiei. Aspalditik ari gara nabarmentzen euren lanari esker lortzen dugula euskal kulturgintza hedatzea, euren lanagatik ez balitz gurea ikustezina litzatekeela. Guk euskal kulturgintzaekosistemaren ezinbesteko eragiletzat ditugu, ez gure zerbitzurako menpekotzat.
Salbuespenak salbu, euskal komunikabide eta kazetariak behar baino askoz baldintza eskasagoetan ari dira lanean. Gure komunikabideek ez dute nahikoa baldintza ez humano ez ekonomikorik guk sortzen dugun kultur eskaintzari behar bezala erantzuteko. Eta gainontzeko kultur eragileok horren jakitun egon beharko genukeela uste dugu batzuk.
Komunikabide batek gure sorkuntza lanaren berri ez duelako jaso amorratzen garenean, pentsa dezagun zein baldintzatan ari diren kazetariak, zein den komunikabidea, zein baliabide dituen.