Etiketaren artxiboa: Bernardo Atxaga

MARKAK: Liburuak eragindako filmea. Filmeak eragindako diska

MARKAK

Liburua. Bernardo Atxaga, 2007

Markak

Imajina dezagun egoera; pentsa dezagun bonbardatuak, metrailatuak, erreak izan ziren biktimengan, edo kartzelatuak, beren ondasunez desjabetuak, beren hizkuntzan mintzatzeagatik mehatxatuak izan zirenengan -¡Habla en cristiano!-; pentsatu gainera hogeita hamar urte luzez ez zutela gertatutakoa kontatzeko aukerarik izan -nork erre zuen Gernika?-; pentsatu, azkenez, Ricardo de la Cierva eta haren gisako beste batzuentzat biktima horiek ez daukatela kexa-txinta bat ateratzeko eskubiderik, eta ateratzen badute, “malko-jario”, “sentimental” edo antzeko kalifikatzaile-karkaxak jasotzen dituztela. Biblian dauden lerro batzuk etortzen zaizkit gogora: “Euli hilek lurringilearen olioa kutsatzen eta kirasten duten bezala…”.

Atxagaren liburuko tesia bere herrira, Gernikara ekarrita:

Dokumentala. Hannot Mintegia, 2016

Gernikak 1937ko apirilaren 26an jasandako bonbardaketak, marka sakon, luze eta balio sinboliko ezagunekoa utzi zuen bai Gernikan bai Euskal Herrian bai mundu osoan. Sormenerako ezinbestekoak dira zenbait barne arau sinboliko, gure inguruari zentzua emateko beharrezkoak direnak. Jasotako kontakizun, irudi edota sentimenduetatik abiatuta sortzen du artistak bere obra. Gernikaren iragana, sorkuntzarako eremua da Gernikako gazteen artean. Gazte sortzaile horiek “barruan dutena” zer den aztertzen du dokumentalak, gazteon emozioak arakatuko ditu. Bonbardaketa harresi bat da pertsonen bizitzan, eten bat. Egunerokotasuna hausten duen bortxakeria, herri batek eta bertako biztanleriak izan beharko lukeen aukeratzeko askatasunaren ukapena. Gertaera honi demokrazia kontrajarri beharko litzaioke, jendearen askatasuna bermatzen duen sistema politikoa.

 

Hannot Mintegia herrikidearen irudietatik eta bonbardaketarekiko bere imaginariotik sortu du

Diska. Aitor Etxebarria, 2017

El_Txef_A legez 10 urte musika sortzen aritu ondoren, MARKAK Aitor Etxebarria bezala kaleratu duen lehen lana da. Hannot Mintegia zuzendariak eskatuta, bere zinemarako lehen soinu-banda originala konposatzen zuen 2016 osoan zehar. Konposaketa prozesua oso interesgarria izan da. Zuzendariaren eta Aitorren artean energia indartsua sortu zen eta askotan Hannotek berak grabaketa egun baten ostean, argazkiren bat , elkarrizketaren bat edo lokalizazio bat bidali eta Aitorrek egun berbereko energia hori xurgatzeko aukera zuen, kanten lehen zirriborroak egiteko oso lagungarria egiten zitzaion, etxean zegoela nahiz atzerrian biran egon da ere.

Aitor Gernikarra izanda, ez zuen ikusten momentu eta lan hoberik, zinemarako lehen lana egin eta Aitor Etxebarria bezala sinatu duen lehen lanean buru belarri jartzeko .

2016ko Zinemaldian filma estreinatu ostean , bai Hannot Mintegia zuzendaria zein Aitor oso pozik geratu ziren eta pentsatu zuten ideia oso ona zitekeela Gernikako bonbardaketaren 80.urteurrenean binilozko diska berezi bat ateratzea.

MARKAK diskan Aitor Etxebarriak ez eze, hainbat lagunek kolaboratu dute, hala nola Miren Narbaizak, Valentina Riddolfik edota Hibai Etxebarriak.

  • Diska aurkezteko zuzeneko emanaldiak:

06.05 – Kafe Antzokia – Bilbo

06.16 – Sónar Festival – Barcelona

07.15 – Bogart House – New York

  • Zuzeneko emanaldietarako banda:

Hasier Oleaga- Bateria

Hannot Mintegia- gitarra

Hibai Etxebarria- Pianoa

Jatsu Argarate- Baxua

Aitor Etxebarria- Sintetizadorea

Hari laukotea- Definitzeke