Etiketaren artxiboa: Audience

Komunikazio lanak. MOXAL egitasmoaren Zaldikatu diskoa aurkeztu dugu

Atzo, martxoak 12 zituela aurkeztu genuen Hannot Mintegia Audience ohiaren MOXAL egitasmoaren ZALDIKATU diskoa Bilboko Kafe Antzokian.

Zer da Moxal?

«Moxal» zaldi gazteari esaten zaio. Sentikorra da bere inguruarekiko, igarotzen dituen lekuekiko eta inguratzen dituen izakieko. Batzuetan zalantzak eta ezinegonak izaten ditu, baina beti dago prest hazten den heinean entzuteko, eta bakarrik ibiltzen ikasteko.

Moxalak, nahiz eta basatia den, hurbiltzen uzten dizu, beroa eta biguna izatea ere maite duelako. Ingurunea eta bere burua eraikitzea maite du, gertutasunetik eta entzute basati batekin.

 

Moxalen kantak ametsen eta filmatu gabeko pelikulen soinu banden arteko tarteari kantatzen diote. Hizkuntza bera, hitzen soinua eta hizkera gertuko espazio bihurtuta; gertukoa eta xumea.

Moxal Hannot Mintegia musikari eta ekoizleak koordinatutako proiektua da. Audience eta gero, bere proposamen berria besteek bizi izateko espazioa da. Esaldi honekin iradoki edo esan nahi duena zera da, interprete edo “sortzaile total” baino gehiago, ekoizle edo konposatzaile bezala ikusten duela Hannotek bere burua. Hasierako ideia abestiak “beste batzuek” abestea zen neurri handi batean. Gerora ideia hori moldatu da baina hala eta guztiz “beste ahotsek” presentzia eta pisu handia dutela Zaldikatu diskoan. Baita ere orain Moxalek “forma” hau duela baina oso egitasmo zabala dela, oso zabalik dagoela Hannot formatu aldaketa eta mota guztietako kolaborazio eta elkartrukeei, izan daitekeela hurrengo proiektua 30 minutuko ikuskizun bat edo zuzeneko kontzeptu bat.

Maite Mursego-rekin, gutunak, ideiak eta soinuak banda zabaleko abiaduran ibili ziren joan-etorrian. Aiora Zea Mays-ek bi lerrotan ulertu eta emozio eta gizatasun makina batek bezala interpretatu zuen. Beti bezala agertu ziren Gaizka eta Ager Audience, eta ezinezko tokietan sartu zuten beraien musika. Miren Mice-k bere eztarria ireki zigun bihotzetik eta Rafa Rodrigok egiaz zarrastatu zuen bere gitarra. Ainara LeGardonekin ertzak iritsi ziren, eszitazioa. Zelako oihuak egin genituen ehunka zaldi haiek lautadan zehar hautsa harrotuz lauhazkan entzutean! Azkenik dena bere tokian zegoela sentitu genuen.

Orduan diskoa sortu zen eta Aitor Etxebarriak dotore itxi zuen atea.

Abestiek badute soinu banden pisua. Irudi batzuk edo “giro” batzuk iradokitzen dituzte. Ikus-entzunezkoena Hannotek bere egunerokoan maneiatzen duen tresna delarik, bere buruari erronka moduko hori jarri dio: bere esperientziaz baliatuz eta inguruan dituen sortzaile-lagunen parte-hartzea bultzatuz, abesti bakoitza ikus-entzunezko edo kontakizun txiki batekin batera aurkeztea. Era askotarikoak eta desberdinekoak izango dira “filmak”. Autore ikuspuntutik eginiko lan pertsonalak izango dira, sortzaile jakin batzuek izenpeturik.

Berbarako:

Gure Telenobelie: Miren Gaztañagaren sormen lanarekin.
Azalgorri: Unai Garate-ren (khea ziater) ideia eta zuzendaritzapean.

Seguru: Na Gomes-en sormen lanarekin.
Atzokokaka: Goiuri Aldekoa-Otaloraren (Argazkilaria eta dokumentalen ekoizlea) sorkuntza bat.
Disko hau Forbiddencolours zigiluaren 11. erreferentzia da. 2019ko martxoaren 1etik aurrera egongo da eskuragai, binilozko edizio mugatuan (+ deskarga kodea) eta bertsio digitalean.

Abesti bakoitza ikus-entzunezko pieza batekin aurkeztuko da bai www.mox.al eta bai forbiddencolours.net webguneetan.

Diskoa entzungai duzue: https://soundcloud.com/forbiddencolours/sets/0f1c0-moxal-zaldikatu/s-9aAV2

Abestiak:

01 GURE TELENOBELIE  3:41

02 AZALGORRI   4:32

03 LAGUNTZEKO NIRI   3:16

04 ATZOKOKAKA    4:51

05 SEGURU   4:10

06 ZALDIKATU#01 5:38

07 HAIXIE GARA? 4:48

08 BITXIDXENA    5:03

musika eta hitzak: Hannot

ekoizpena: Jose Lastra & Hannot

grabaketa: Tio Pete Studios (Urduliz), Larrartia baserria (Heleta), Mice-ren lokala eta Hannoten etxien

artea: madebynika.com

masterizazioa: Mateusz Majewski Concrete Cut Studios-etan (London)

MOXALAK:

Hannot: loop-ak, ahotsak, perkusioa, gitarrak eta Lastra’s noise box

Ainara LeGardon: ahotsak, bestelako soinuak (01, 02, 03, 04, 06)

Aitor Etxebarria: musika osagarria, pianoa eta noisy chair (08)

Aiora (Zea Mays): ahotsak (02, 04)

Miren Narbaiza (Mice): ahotsak (01, 04, 05, 07)

Gaizka (Audience): saxoa eta drunk pianos (04, 06)

Ager (Audience): pedal steel guitar (07)

Rafa Rodrigo: gitarra klasikoa (07)

Txufo Willson (Empty Files): grabaketa osagarriak eta aurrekoizpena

Maite (Mursego): ahotsak, hariak eta melodikoa (01, 02, 03, 05)

 

Zuzenekoak

Lehenengo zuzenekoa Gernikako Lekuek jaialdian izango da. Zuzenekoek izango duten forma oraindik zehaztu gabe dago. Diskoan geruza asko eta ikuspuntu anitzak uztartzen dira abestietan eta bide ezberdin askotara eraman ditzakete zuzenean interpretatzeko orduan. Printzipioz hirukotean ari dira lehenengo aurkezpen txiki horiek prestatzen: Hannot Mintegia, Jatsu Argarate (Kokein) baxuan, eta Txufo Willson (Empty Files) “beste soinuekin”, baina etorkizunean MOXALen beste musikari batzuek ere parte hartzeko aukera beti zabalik egongo da. Berbarako, Gernikako kontzertuan Gaizka (Audience) gehitzeko asmoa dute.

Ekainetik aurrera formatu handiagoko kontzertuak egin asmo ditu Hannotek. Horietarako Ainara Legardonek edo Miren Narbaizak ere parte hartzea nahi luke (bien agenden arabera). Baita Aitor Etxebarria (perkusioa eta teklatuak) edo Hasier Oleaga (bateria).

Adostuta dituzten emanaldiak:

-Martxoaren 16an, Gernikako Lekuek jaialdian.

-Ekainaren 14an, Donostiko Dabadaban.

-Ekainaren 20an, Bilboko Kafe Antzokian.

Arestian azaldu legez, Moxal os proiektu zabala izatea espero du Hannot Mintegiak, espazio ezberdinetara eraman ahal izateko modukoa. Printzipioz areto itxiak eta giro “lasaia” lirateke egokiena eta bakarka edo bostekotean  aritzeko moduan moldatzea errepertorioa. Aretoak ahalbidetzen duenean, ikus-entzunezkoen presentzia handituko litzateke emanadian, abestiek baitute izan “inoiz filmatu gabeko pelikularen soinu banda” baten forma.