Kategoriaren artxiboa: Albisteak

Azpeitibizi: Zatoz onera, zatoz Azpeitira

Maite ditut maite gure bazterrak, baina bizi dituzten pertsonei eskerrak

Azpeitibizi egitasmoaren bitartez Euskal Herriko zein kanpoko bisitariak erakarri nahi ditugu Azpeitira

Egitasmoak bi euskarri ditu ardatz:

  • Webgunea
  • Mugikorretarako aplikazioa

Bi hedabide hauen bitartez, Jendeak jendea erakartzea dugu helburu.

Arrazoi nahikoa eta sobera ditugu horretaz ziur egoteko:

  • Azpeitiarrak dira Azpeitik eskaini dezakeen onena.
  • Azpeitiarrek euskara dute balio erantsi nagusiena.
  • Euskaraz bizi den herria baita Azpeitia, gainontzeko euskal herrietatik hurreratzen denak berehala antzemango duen eran.
  • Euskarak kultura bat dakar aldean, azpeitiarrek jaso, gorde, mantendu, bersortu, eguneratu, moldatu, eurenganatu, zabaldu eta transmitituz bizirik mantentzen dutena, Kultur Mahaiak auzolanean biziberritzen duena.
  • Bizia baita Azpeitia, azpeitiarren euren esanetan, bizi-bizia, bizitzeko pizgarria.
  • Bizitzeko herri bizia da Azpeitia, bisitaria beso zabalik hartzen duena, herrira iritsi eta azpeitiartu direnek baieztatzen duten eran.
  • Ospatzen badakien herria da Azpeitia, hasi urtarrilean eta abendura bitarte, eguneroko izerdia bizipozerako edabeekin neurrian nahasten dakiena.
  • Langileen herria da Azpeitia, 1766an matxinatu zen huraxe.
  • Gertakari historikoek zizelkatu duten herria da Azpeitia, memoriaren historia eraikitzen jakin izan duena.
  • Mendeetan bizi izan duten, gaur bizi duten eta etzi biziko duten azpeitiarrek bihurtu dute Azpeitia edozein bisitarirentzat erakargarri.
  • Euskaraz bizi, kulturalki bizi, herritar bizi, Azpeitibizi.
  • Bisitariak altxor horien aitzakiapean erakartzeari Turismoa baderitzogu, turistikoki herri bizia dugu Azpeitia, turismo aktiboa baino, turismo bizia eskaintzen duena.

www.azpeitibizi.eus webgunean honakoak bildu ditugu:

  • Zatoz onera, zatoz Azpeitira bideo sorta, hainbat azpeitiarren bizipenak jasotzen dituena.

  • Azpeitiren ondarea jasotzen duten postal literarioak.
  • Azpeitin eta bere inguruetan egin daitezkeen adin guztietako bisitarientzako era askotako ibilbideak.
  • Lo, jan zein edateko ostatuak.
  • Oinarrizko zerbitzuak.

Azpeitibizi mugikorretarako aplikazioan, arestian aipatutako edukiez gain, Agenda ere izango dute eskura bai azpeitiarrek eta erabiltzen duten gainontzekoek ere. Ekitaldi kulturalez zein bestelako ekimen sozialez beteriko edukia zabalduko dugu bertatik.

Euskal Herriko herri guztiek dute bere balio erantsia, ezkutuan, gehienetan.

Azpeitikoa ikusgarri bihurtu dugu eta edozeinen eskura jarriko dugu.

Azpeitibizi egitasmoa aurkeztu dugu: Euskal Herria ezagutzeko herritarrak, euskara eta kultura amu

Joan den maiatzaren 11an aurkeztu genuen Azpeitiko udalarekin batera lantzen ari garen Azpeitibizi egitasmoa. Egitasmoaren lehen fasean, webgune bat eta mugikorretarako aplikazioak sortu ditugu.

Azpeitibizi webgunea: www.azpeibizi.eus

 

Sanagustin

ARGIA astekariaren webgunean

Turismoaren erdigunean euskara eta azpeitiarrak jarri ditu Azpeitiko Udalak

Urola-Kostako Hitzan

Euskara eta herritarrak erdigunean jarrita, ‘Azpeitibizi’ ataria sortu du udalak

Soreasu 2

Meatzaleak: Izan daiteke arkitektura eraldatzailea? Leire Milikua eta Ander Gortazar

Meatzaleaken maiatzeko hitzorduan Leire Milikua eta Ander Gortazar izango ditugu berbalagun.

Berbagaia, zinez interesgarria:

Arkitektura fisikoa da, espaziala; eraikitzen denak (eta ez denak), erabilitako teknikek, prozesuek, teknologiek eta abar, ikusi eta ukitu ditzakegun emaitzak sortzen dituzte. Hala ere, jakina da zentzumenekin hauteman daitekeen horretatik harago, bestelako ondorioak ere eragiten dituela. Aldaketak sortzeko gaitasuna du, bai, baina eraldaketa? Izan al daiteke arkitektura eraldatzaile? Gai horren bueltan ibiliko gara, hango eta hemengo adibideak gureganatuz, erantzun baino galdera gehiagorekin.

Leire Milikua eta Ander Gortazar arkitektoak dira; ikaskideak, lagunak eta Aldiri. Arkitektura eta abaraldizkariko zuzendariak.
Leire Milikua Larramendi (Abadiño, 1985). Lurraldearen, tokiko garapenaren eta herritarren parte hartzearen inguruan ardazten da bere lana; agroekologia gaietan da espezialista. Horrez gain, EAEko landa-eremuaren inguruko liburu baten ama harroa.

Leire_Milikua

Ander Gortazar Balerdi (Donostia, 1985) hirigintza eta mugikortasun gaietan aditua-aritua da, eta diseinu parametrikoa du ogibide. Dibulgazioan ere ibilia da. Egun oin erdia du Euskal Herrian; oin eta erdi, aldiz, Poloniako Varsovian.

Ander_Gortazar

19:00etan hasiko gara, Bilboko AZn

Gogoratu sarrerak doakoak izan arren, AZko bertako infopuntuan eskuratu behar dituzuela aurrez zein egunean bertan.

programa A5 zuzendua, martxoak 2

 

MARKAK diska entzungai

MARKAK diska: Gernikako bonbardaketak utzitako arrastoei buruzko gogoeta baten soinu-banda, gaur egungo gernikako gazte sortzaileen memoria ariketa bat. Hannot Mintegiak izen bereko dokumentala ondu zuen eta Aitor Etxebarriak musika jarri zion. Nola adierazi 80 urtera tragedia hark gugan utzi duen marka?

Entzun: https://soundcloud.com/aitoretxebarria/sets/markak-soundtrack-from-the-motion-picture/s-K4WVv

https://pbs.twimg.com/media/C-CZ1IhWsAE_MTW.jpg

 

 

MARKAK: Liburuak eragindako filmea. Filmeak eragindako diska

MARKAK

Liburua. Bernardo Atxaga, 2007

Markak

Imajina dezagun egoera; pentsa dezagun bonbardatuak, metrailatuak, erreak izan ziren biktimengan, edo kartzelatuak, beren ondasunez desjabetuak, beren hizkuntzan mintzatzeagatik mehatxatuak izan zirenengan -¡Habla en cristiano!-; pentsatu gainera hogeita hamar urte luzez ez zutela gertatutakoa kontatzeko aukerarik izan -nork erre zuen Gernika?-; pentsatu, azkenez, Ricardo de la Cierva eta haren gisako beste batzuentzat biktima horiek ez daukatela kexa-txinta bat ateratzeko eskubiderik, eta ateratzen badute, “malko-jario”, “sentimental” edo antzeko kalifikatzaile-karkaxak jasotzen dituztela. Biblian dauden lerro batzuk etortzen zaizkit gogora: “Euli hilek lurringilearen olioa kutsatzen eta kirasten duten bezala…”.

Atxagaren liburuko tesia bere herrira, Gernikara ekarrita:

Dokumentala. Hannot Mintegia, 2016

Gernikak 1937ko apirilaren 26an jasandako bonbardaketak, marka sakon, luze eta balio sinboliko ezagunekoa utzi zuen bai Gernikan bai Euskal Herrian bai mundu osoan. Sormenerako ezinbestekoak dira zenbait barne arau sinboliko, gure inguruari zentzua emateko beharrezkoak direnak. Jasotako kontakizun, irudi edota sentimenduetatik abiatuta sortzen du artistak bere obra. Gernikaren iragana, sorkuntzarako eremua da Gernikako gazteen artean. Gazte sortzaile horiek “barruan dutena” zer den aztertzen du dokumentalak, gazteon emozioak arakatuko ditu. Bonbardaketa harresi bat da pertsonen bizitzan, eten bat. Egunerokotasuna hausten duen bortxakeria, herri batek eta bertako biztanleriak izan beharko lukeen aukeratzeko askatasunaren ukapena. Gertaera honi demokrazia kontrajarri beharko litzaioke, jendearen askatasuna bermatzen duen sistema politikoa.

 

Hannot Mintegia herrikidearen irudietatik eta bonbardaketarekiko bere imaginariotik sortu du

Diska. Aitor Etxebarria, 2017

El_Txef_A legez 10 urte musika sortzen aritu ondoren, MARKAK Aitor Etxebarria bezala kaleratu duen lehen lana da. Hannot Mintegia zuzendariak eskatuta, bere zinemarako lehen soinu-banda originala konposatzen zuen 2016 osoan zehar. Konposaketa prozesua oso interesgarria izan da. Zuzendariaren eta Aitorren artean energia indartsua sortu zen eta askotan Hannotek berak grabaketa egun baten ostean, argazkiren bat , elkarrizketaren bat edo lokalizazio bat bidali eta Aitorrek egun berbereko energia hori xurgatzeko aukera zuen, kanten lehen zirriborroak egiteko oso lagungarria egiten zitzaion, etxean zegoela nahiz atzerrian biran egon da ere.

Aitor Gernikarra izanda, ez zuen ikusten momentu eta lan hoberik, zinemarako lehen lana egin eta Aitor Etxebarria bezala sinatu duen lehen lanean buru belarri jartzeko .

2016ko Zinemaldian filma estreinatu ostean , bai Hannot Mintegia zuzendaria zein Aitor oso pozik geratu ziren eta pentsatu zuten ideia oso ona zitekeela Gernikako bonbardaketaren 80.urteurrenean binilozko diska berezi bat ateratzea.

MARKAK diskan Aitor Etxebarriak ez eze, hainbat lagunek kolaboratu dute, hala nola Miren Narbaizak, Valentina Riddolfik edota Hibai Etxebarriak.

  • Diska aurkezteko zuzeneko emanaldiak:

06.05 – Kafe Antzokia – Bilbo

06.16 – Sónar Festival – Barcelona

07.15 – Bogart House – New York

  • Zuzeneko emanaldietarako banda:

Hasier Oleaga- Bateria

Hannot Mintegia- gitarra

Hibai Etxebarria- Pianoa

Jatsu Argarate- Baxua

Aitor Etxebarria- Sintetizadorea

Hari laukotea- Definitzeke