Azpeitibizi: Zatoz onera, zatoz Azpeitira

Maite ditut maite gure bazterrak, baina bizi dituzten pertsonei eskerrak

Azpeitibizi egitasmoaren bitartez Euskal Herriko zein kanpoko bisitariak erakarri nahi ditugu Azpeitira

Egitasmoak bi euskarri ditu ardatz:

  • Webgunea
  • Mugikorretarako aplikazioa

Bi hedabide hauen bitartez, Jendeak jendea erakartzea dugu helburu.

Arrazoi nahikoa eta sobera ditugu horretaz ziur egoteko:

  • Azpeitiarrak dira Azpeitik eskaini dezakeen onena.
  • Azpeitiarrek euskara dute balio erantsi nagusiena.
  • Euskaraz bizi den herria baita Azpeitia, gainontzeko euskal herrietatik hurreratzen denak berehala antzemango duen eran.
  • Euskarak kultura bat dakar aldean, azpeitiarrek jaso, gorde, mantendu, bersortu, eguneratu, moldatu, eurenganatu, zabaldu eta transmitituz bizirik mantentzen dutena, Kultur Mahaiak auzolanean biziberritzen duena.
  • Bizia baita Azpeitia, azpeitiarren euren esanetan, bizi-bizia, bizitzeko pizgarria.
  • Bizitzeko herri bizia da Azpeitia, bisitaria beso zabalik hartzen duena, herrira iritsi eta azpeitiartu direnek baieztatzen duten eran.
  • Ospatzen badakien herria da Azpeitia, hasi urtarrilean eta abendura bitarte, eguneroko izerdia bizipozerako edabeekin neurrian nahasten dakiena.
  • Langileen herria da Azpeitia, 1766an matxinatu zen huraxe.
  • Gertakari historikoek zizelkatu duten herria da Azpeitia, memoriaren historia eraikitzen jakin izan duena.
  • Mendeetan bizi izan duten, gaur bizi duten eta etzi biziko duten azpeitiarrek bihurtu dute Azpeitia edozein bisitarirentzat erakargarri.
  • Euskaraz bizi, kulturalki bizi, herritar bizi, Azpeitibizi.
  • Bisitariak altxor horien aitzakiapean erakartzeari Turismoa baderitzogu, turistikoki herri bizia dugu Azpeitia, turismo aktiboa baino, turismo bizia eskaintzen duena.

www.azpeitibizi.eus webgunean honakoak bildu ditugu:

  • Zatoz onera, zatoz Azpeitira bideo sorta, hainbat azpeitiarren bizipenak jasotzen dituena.

  • Azpeitiren ondarea jasotzen duten postal literarioak.
  • Azpeitin eta bere inguruetan egin daitezkeen adin guztietako bisitarientzako era askotako ibilbideak.
  • Lo, jan zein edateko ostatuak.
  • Oinarrizko zerbitzuak.

Azpeitibizi mugikorretarako aplikazioan, arestian aipatutako edukiez gain, Agenda ere izango dute eskura bai azpeitiarrek eta erabiltzen duten gainontzekoek ere. Ekitaldi kulturalez zein bestelako ekimen sozialez beteriko edukia zabalduko dugu bertatik.

Euskal Herriko herri guztiek dute bere balio erantsia, ezkutuan, gehienetan.

Azpeitikoa ikusgarri bihurtu dugu eta edozeinen eskura jarriko dugu.